XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Saharar herriarekin elkartasuna

Uda honetan Leitza, Areso eta Lekunberrira Saharako ume talde bat, 34 ume eta 2 begirale etortzekoa zen.

Egitasmo honek helburu bikoitza zuen: haur Sahararrek beraien herrian jaso ezin ditzaketen zerbitzuak jasotzeko aukera izatea alde batetik, eta Saharar herriaren egoera zein den ezagutaraztea eta elkartasuna adieraztea bestetik.

Lehenengo helburu hau ezin izan zen bete, eta, horren ondorioz, urriaren 21ean bilera bat egin genuen Nafarroan dauden Saharar delegatuekin, azalpenak jasotzeko.

Umeak hona ez etortzearen arrazoia honako hau izan zen: Argeliako hegazkin konpainiak (Sahararrek erabil dezaketen bakarrak) ez zuen behar adina bitartekorik hainbeste ume kanpora ateratzeko.

Azalpenak eta arrazoiak jaso ondoren, zuen laguntzari esker jasotako diruarekin zer egin behar den eztabaidatu genuen eta hau izan zen aho batez erabaki genuena: Bildu zen diru guzti-guztia, hau da, 2.841.000 pta, hurrengo urterako gordetzea, aurtengo helburu berarekin.

Bilera honetan, urte osoan Saharar herriari elkartasuna adierazteko talde bat sortu zen, eta talde hau irekia izanen da. Parte hartu nahi izanez gero telefono hauetara deituz egin dezakezue (948 610901 edo 948610617).

Eskaini eta adierazi duzuen laguntza eta elkartasuna dela eta, Saharar Herriarekin Elkartasuna taldeak berriz ere eskerrak eman nahi dizkizue.

SAHARAR HERRIAREKIN ELKARTASUNA TALDEA